Ingo Niebel (historialaria): “Garai hartako armadaburuek erabateko arrakastatzat jo zuten Gernikako erasoa”

Arantxa Elizegi

Berria.info 2012-04-22 – 10:23:43

Oso gazte zela entzun zuen Ingo Niebelek (Kolonia, Alemania, 1965) Gernikako bonbardaketari buruz hitz egiten, eta geroztik asko ikertu du gaiaren inguruan. Bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, alemaniarren erasoarekiko jarreraz aritu da Berlingo Euskal Etxeak antolatutako jardunaldietan. «97a arte bi bando zeuden: erasoa Kondor Legioak egin zuela aitortzen zuten historialariena, eta errebisionistena».

Espainiari bezala, Alemaniari ere kosta egin zitzaion Gernikan gertatutakoaren egia aitortzea.

Bai. Pentsa, 1975a arte agintariek ez zuten ofizialki onartu Kondor Legioko hegazkinlariek bonbardatu zutela Gernika. Urte horretan Klaus A. Maier historialari militarrak, Bonneko gobernuaren eskariz, gertatutakoa ikertu zuen, baita aitortu ere Kondor Legioa izan zela bonbardaketaren erantzulea.

Zein izan zen ordura arteko bertsioa?

Maierren liburua kaleratu zen arte eztabaida zegoen gertatutakoaren inguruan. Batzuek esaten zuten Alemania zela erantzulea, baina beste batzuek zioten izan zitekeela armada gorriak egindako erasoa ere. Alde horretatik, Francoren gobernuaren bertsioak eragina izan zuen, haiek argudiatzen baitzuten gorri-separatistek eragindako suteek suntsitu zutela herria. Baina 70eko hamarkadaren hasieran, Espainiako zenbait kazetari, Vicente Talon kasu, hasi ziren esaten Kondor Legioak bere kabuz hartutako erabakia izan zela bonbardatzea, eta Francok ez zuela haren berri izan beranduegi izan zen arte. Hori dela eta, Alemania Federalean gertatutakoa ikertzea erabaki zuten.

Ulergarria da II. Mundu Gerraren ostean Alemaniako agintariek Gernikako bonbardaketaren erantzukizunik onartu nahi ez izatea, Francok nahi izan ez zuen gisan. Baina zein izan zen Hitlerren erregimenaren jarrera?

Gernikako bonbardaketari buruzko eztabaidak hainbat atal ditu. Politikari eta propagandari dagokienez, Adolf Hitlerren aginteak ukatu egin zuen bonbardaketan zerikusia izatea, 1939ko ekaina arte ofizialki ez baitzegoen soldadu alemaniarrik Espainiaren menpeko lurretan. Hau da, 39ko ekaina arte Kondor Legioak penintsulan egindako esku hartzea estatuko sekretua zen. Beraz, Alemaniak ezin zuen aitortu berak egin zituela Euskal Herrian egindako bonbardaketak eta Espainiako lurretan egindakoak. Bestalde, 39tik aurrera propagandak ezin zuen ordura arte esandakoa gezurtatu eta bere egiletza aitortu. Beraz, egindakoa ukatzen jarraitu zuten.

Militarki Von Richthofenek berak eta harekin batera Kondor Legioa zuzendu zuten beste ofizialek, baita geroztik erasoa ikertu zuten hainbat arduradun militarrek ere, erabateko arrakastatzat jo zuten Gernikako erasoa. Hau da, II. Mundu Gerraren ostean, hainbat ofizialek esan bazuten ere huts egin zutela erasoan eta euren benetako asmoa Errenteria zubia suntsitzea zela, orduko dokumentuek argi azaltzen dute garai hartako arduradunek garaipentzat jo zutela operazioa.

Hala ere, faxisten aurkako erbesteko taldeek hasieratik leporatu izan diote erregimen naziari Gernika bonbardatu izana, hasi 37tik eta gaur arte.

Zein da gaur egun Alemaniaren jarrera?

Politikari dagokionez, Alemanian dagoeneko ez dago bonbardaketaren erantzukizunari buruzko zalantzarik. Eztabaida hori izan zen hemen 90eko hamarraldian, baina dena amaitu zen 97an, orduko presidente Roman Herzogek egindakoagatik barkamena eskatu zuenean. Ordura arte, baina, egia da bi bando zeudela: batetik, Kondor Legioaren ekintza izan zela aitortzen zuten historialariena, eta, bestetik, Francoren erregimenaren bertsioari eutsiz, erasoa gorri-separatistek egin zutela ziotenena edo, gehienez ere, «akatsa» izan zela argudiatzen zutenena. Baina gaur egun errebisionisten bertsioa erabat indargabetuta dago.

Espainiako Estatuari dagokionez, ordea, arazo larriak dituzte euren iragan frankistaz hitz egiteko garaian. Erorien harana egotea bera, eta bertan Jose Antonio Primo de Riveraren eta Francisco Francoren gorpuzkiak gordetzea, sinestezina egiten da Alemanian. Hemen pentsaezina litzateke Berlinen, Hitler hil zen inguruan, haren omenezko mausoleo bat eraikitzea. Sinestezina egiten da Erorien harana frankismo garaiko krimenen artxibo bilakatu ez izana ere.

Iturria: Berria.info

Schreibe einen Kommentar

Deine E-Mail-Adresse wird nicht veröffentlicht. Erforderliche Felder sind mit * markiert.